"Segura historian zehar" Liburuko artikulua.
Segurako herriak pertsona ospetsu asko ditu bertakoak: ospetsuak batzuk jaiotzaz eta beste batzuk adopzioz edo onarpen ofizialez. Mendeak izan ziren, eta dira, gure ospetsu askoren jardunbide aipagarriaren lekuko. Ezagutzea da, uste dut, goratzea; beraien berri jakitea, haien oroitzapenari aitorpen egitea; mirestea, eta ez ahaztea, deboziozko ekintza esker onekoa da.
Asko dago esateko jarraian adieraziko ditudan pertsonen bizitzari buruz, baina informazioaren ugaritasuna tarte mugatuan egokitu beharrak, maitasunez bildutako datu zurrunbilotik aukeraketa egitera behartu nau. Lan hau ez da, beraz, bilduma biografiko xehe bat, baizik eta azterketa labur bat non biltzen baitira eta nabarmentzen, dokumentatuz, aipatutakoen ezaugarririk esanguratsuenak.
Gainera, niretzat ospetsu hitza kontzeptu subjektiboa da, eta horregatik ahalegindu naiz honoko lan honetan baieztatzen dudana etengabe aipatzen ditudan iturri fidagarrietan oinarritzen; hala, jarraian aipatzen dudan guztiak objektibotasuna eta zehaztasuna izan ditzan ezaugarri.
Helburu zientifikoa duen edozein lan serioren baldintza oinarrizko eta ezinbestekoa da "egia bere osotasunean emateko helburua"; eta hori betetze aldera hurbiltzeko nire erabakiari eutsi diot, esaten dudan guztia dokumentatzen duten iturriak aipatuz, izan ere, "historiaren lehenengo legea da ezer faltsurik esaten ez ausartzea; idazten den orok ez du ez partzialtasun ez gorroto susmorik piztu behar"1. Dokumentuen erreferentziarik gabeko gertakizunak baieztatu, egotzi edo aipatzeak zalantzan jarri baino ez du egiten baieztatutakoa, eta bidea ematen die asmakeriei, ipuinei nahiz kontakizun interesatuei; artxibozaina naizen aldetik, gero eta sarriago ikusten dut hori.
Ematen ditudan datu guztiak zehatz-mehatz bilduak dira iturri dokumental nahiz bibliografikoetatik. Jatorrizko dokumentuen artean elizakoetara jo dut, batez ere Segurako bi parrokietara —Andre Maria Jasokundekoaren elizara eta Santagrazikora, gaur ermita—, non aurkitu baititut lan honetan bildutako pertsonaia gehienen jaiotza eta heriotza datak. Eta lanaren osagarri, iturri argitaratuak kontsultatu ditut, gehienak Erdi Arokoak, haietan agertzen baitira Segurako lehenengo bataio-liburuen aurreko zenbait pertsonaia. Bibliografiari dagokionean, Segurako herriari buruzko materiala husten ahalegindu naiz, hemen aipatzen diren guztien erreferentzietan bereziki saiatuz.
Metodologikoki ordenatu ditut Seme-alaba ospetsuak, hala moduz, zeren lehenengo, ipini ditut Segurako herrikoak bertakoak, nahiz era formal eta ofizialki halakotzat deklaratuak direla demostratu ahal izan ditudanak, eta, ondoren, erantsi ditut beste pertsonaia batzuk ustez Segurakoak direnak, baina ahalegin guztiak egin ditudan arren aipamenak eta bigarren mailako iturri ez-zehatzak besterik ez dut aurkitu.