Segura 1955

I. Ojanguren CC By-Sa

HISTORIA

Segurako hiribildua egun dagoen tokian eraikitzeko agindua, Alfontso X. Gaztelako erregeak eman zuen XIII. mendean, defentsarako plan estrategiko bat jarraituz.

Garai hartan Gipuzkoa Nafarroako Erreinu izatetik Gaztelaren mende egotera pasatu zen. Borroka garaiak ziren eta San Adriango Bide Erreala babesteko helburua zuen hiribilduak, Nafarroarekiko mugan kokatua baitzegoen. Bide honek, hegoaldetik iparraldera zeharkatzen zuen Gipuzkoa kostaraino, eta merkataritzako hiribildu garrantzitsuenetariko batean bilakatu zen Segura XV. eta XVI. mendeetan.

1996tik, oboide-itxura duen hirigunea, Multzo Monumental Historiko Artistiko izendaturik dago; berau osatzen duten arkitektura zibil eta erlijiosoek erdi aroko xarma ematen diotelarik.

Gune Historikoa
Segura herria, defentsarako herri izateko asmoz eraikia izateak ondorio garbiak ekarri zituen bere arkitekturan. Ezaugarri nagusienetako bat hiribildu osoa inguratuko zuen harresia litzateke, herriari morfologia kontuetan, almendra edo triangelu itxura eman ziolarik.
Harresiarekin batera, honen osagarri, sarrera ateak leudeke; hiribildura sartu edo irten ahal izateko erabili beharrekoak. Guztira bost ate edo portal zeuden; goikoa edo Gaztelakoa, behekoa, Nafarroakoa, ate txikia eta Zeraingo portala. Gaur egun horietatik hiruk bertan jarraitzen dute.

Harresiaren barneko zatia berriz, etxeak eraikitzeko orubea, hasiera batean zati berdintsuetan banatu zen; 8 metro zabal izaten zuen sail bakoitzak eta lurraren morfologiaren araberako sakontasuna. Lur- sail hauetako bakoitzean familia bat egokituko zelarik.
 
Urteek aurrera egin ahala, mailaketa sozialak, presio demografikoak eta suteek eragindako kalteak tarteko, orubearen banaketa honek aldaketak jasan zituen: jauntxoek  jauregiak eraiki zituzten (alboko orubeetan ere eraikiz) eta herri-xeheak berriz lur-sail txikiagoetan moldatu beharra izan zuen.
 
Historia guzti honen testigu, bisitariak gaur egun, 1996az geroztik multzo monumental izendatutako herri kaskoan artisau eta nekazarien etxeak eta jauntxoen jauregiak elkar harturik topatuko ditu.