(Segura, 1921.07.08)

Doktore espezializatua da Kirurgian; Patologia eta Klinika kirurgikoetan katedraduna Cadizko Medikuntza Fakultatean 1966 eta 1970 bitartean, eta Granadakoan 1987an erretiratu zen arte. Gaur egun Granadako Unibertsitateko Kirurgia Saileko katedradun emeritua da.

Ikerketa lan asko argitaratu ditu estatuko nahiz atzerriko aldizkarietan. Bere lanetan aipagarriena beste egile batekin burutu zuen Duran Sacristan irakasleak zuzendutako Cirugía: Tratado de Patología y Clínica Quirúrgicas liburuan1. Obra horretako hiru liburukietan azaltzen diren Kirurgia Orokorrari eta hainbat espezialitate kirurgikori dagozkien 43 gai berak landuak dira.

Kargu akademiko garrantzitsuak izan ditu baita mediku-zirujautzan ere. Besteak beste, Espainiako Zirujauen Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen eta, ondoren, ohorezko kide, eta lehendakariordea da Granadako Medikuntza eta Kirurgiako Errege Akademian, 1988tik gaurdaino. Gaur egun, Espainiako Zirujauen Elkarteko organo ofiziala den “Cirugía Española” aldizkariko Batzorde Aholku-emailean dago.