(Segura, 1820.09.02 – Segura, 1890-01-19)
Prokuradorea 1850 eta 1860 bitartean bildutako Batzar Nagusietan. Diputatu Nagusi laguntzailea 1854 eta 1856 bitartean1. 1861ean Juntak batzartu ziren Seguran eta bere herriko ordezkari izan zen Tomas Velez Elorriaga eta Braulio Alustizarekin. Segurako alkatea (1869, 1879-1885). 1869an hitzarmen parrokialean onartutako eta Batzar Orokorretako diputatu nagusiak ezarritako arauen aurka azaldu zen, Apezpikutzari bizkar emanda, eta Azpeitiko kartzelan sartu zuten hilabeterako. Aske geratu zenean, Burgosko Audientzia Epaitegiak bere ekintzengatik erantzukizun kriminaletatik garbi utz zezan borrokatu zen, eta baita lortu ere 1870eko martxoaren 5eko sententzian. Foru diputatua 1875ean.
Alkate zelarik Udal Ordenantzak argitaratu zituen; Estatuak, kendutako herri-basoengatik Segurarekin zuen zorra ordaintzea lortu zuen, eta bestalde Araba eta Gipuzkoako Partzuergoak zituen herri-basoak salmentara ateratzea galarazi zuen; edateko uraren hornidurarako lanak burutu eta iturriak jarri zituen Seguran, 1884ko urriaren 31n inauguratu zirenak.
Ongintza etxe edo Erresidentziaren hobekuntza eta berritze lanak bultzatu zituen eta 1887an Karitateko Ahizpek etxearen ardura hartzea lortu zuen. Parrokiako ongile gisa, 1878an, Braulio Alustiza eta bien artean elizako ataria ordaindu zuten, eta herriko “lehen ongile” izendatu zuten herrian emandako laguntzengatik3. 1890ean, Esteban Zurbano hil ondoren, udalak, esker onez, bere izena jarri zion erdiko kaleari.