Sail honetan agertzen da autore batzuek ustez segurartzat hartu dituzten zenbait pertsonaia. Kasu hauetan daukagun erreferentzia bakarra bibliografietan edo artikuluetan egiten zaiena da, jatorrizko iturriak aipatu gabe. Nahiz eta saiatu naizen behin eta berriz, ezin izan dut aurkitu dokumenturik Segurako herrian jaio direla zalantzarik gabe frogatuko duenik. Hala eta guztiz ere, halakotzat hartu baldin badira, egokia iruditzen zait sartzea zegokion xehetasuna egin ondoren.
ARRUE IRARRAGA, Juan Antonio (Segura – Cadiz)
Santiagoren zalduna, Ordena horretan sartu zen 1682an. Quiton (Ekuador) bizi izan zen. Haren alaba Beatrizek, Segurako moja isabeldar frantziskotarrak, jaso zuen ondareari esker eraiki zen Santa Isabel komentuko eliza. Bertako lanak 1687an hasi ziren eta 1703an ireki zuten kulturako.
AURGAZTE, Pedro (Segura, c. 1575)
Monje Bernardo izan zen eta Armenterako (Pontevedra) monasterioko abadea. Salamancako ikastetxean jardun zuen lanean eta 1625ean Ruisecoko (Rioseco?) Andre Mariaren monasterioan bizi izan zen, Medina de Pumarren (Pomar?) ondoan. San Bernardoren Ordenako bisitari jenerala Galizian eta Salamancan, ordena horretako jeneralgaia izan zen.
LAPAZA ZARAUZ, Jeronimo (Segura s.XVII - Segura, 1726.05.04)
Salamancako San Bartolome ikastetxe nagusiko ikaslea. Malagako katedraleko kalonje izendatu zuten eta, 1719an, Tuterako kolegiatako Dean XXXVIII.a, non Kabildoaren oposizioari egin baitzion aurre. Gaixotasun larri bat zeukala testamentua egin Tuteran eta Segurara erretiratu zen8.
LARDIZABAL URIBE, Manuel (Segura, s.XVIII – Madril, 1820.12.25)
Jurista, politikari eta idazlea. Zuzenbide ikasketak egin zituen eta Madrilera aldatu zen abokatu lanak egitera. Karlos III.aren erregealdian izen handia lortu zuen. Errege kontseilaria izan zen eta Granadako Errege Chancilleriako zigor epailea eta kapareena. Zigor legeria berritu zuen. 1808ko maiatzean, Independentzi gerra lehertu berritan, Gaztelako Kontseiluak ordezkari izendatu zuen Baionako asanblean ordezkatzeko, eta konstituzio bat eta Jose I.aren aldeko manifestu bat sinatu zituen. Gerra garaian jarreraz aldatu eta 1813an "frantsestutako" susmagarriak identifikatzeko izendatu zuten.
Real Academia Española de la Lenguako biziarteko idazkari, eta Valldolideko Zaldunen Historia eta Geografiako Errege Akademiako kide izan zen. Bere obrak dira Discurso sobre las penas contraídas a las leyes penales de España (1782) eta Discurso preliminar del fuero Juzgo11.
MAYORA, Diego (Segura, c. 1594- Segura, 1657.04.22)
Pizkundeko eskultore gipuzkoarra, Joan Antxietaren jarraitzailea. Elizetako erretaulak egiten nabarmendu zen, eta bere obra Euskal Herri guztian barreiaturik dago. Araban bere arrastoak Erroeta eta Ozetako parrokietan daude; Gipuzkoan, Ataunen, San Martingo parrokian 1654an amaitutako erretaula dago, eta Zerainen Andre Mariaren Jasokundearen parrokiako erretaula. Olazagutiako (Nafarroa) erretaula jotzen da bere lanik osoenekotzat, eta 1600 inguruan amaitu zuen.